Gipuzkoa Encounter festa teknologikoa plazarik gabe geratu da bigarren edizio birtualean. Izena eman duten ehunka lagunek egitarau zabalaz gozatu ahal izango dute, “party presentzialen ekintza kopuru oso antzekoa” izango baita, Euskaltel Fundazioaren arduradun eta ekimenaren koordinatzaile Sabino San Vicenteren esanetan.  2020an egindako lau online topaketetan ikasitakoa eta partyak digitalizatzeko garatutako tresnak azpimarratu ditu San Vicentek. Izan ere, horiei esker “aurrekoa baino hobea izango da aurtengo Gipuzkoa Encounter”. Guztira, bilkurak 456 teknologia zale elkartuko ditu igandera arte (martxoak 21), eta dozenaka ekintza, lehiaketa eta prestakuntza-hitzaldi eskainiko ditu informatikaren, programazioaren, sormen digitalaren eta bideo-jokoen arloetan.

Gipuzkoa Encounter festa teknologikoa plazarik gabe geratu da bigarren edizio birtualean

Gipuzkoa Encounter festa teknologikoa plazarik gabe geratu da bigarren edizio birtualean. Izena eman duten ehunka lagunek egitarau zabalaz gozatu ahal izango dute, “party presentzialen ekintza kopuru oso antzekoa” izango baita, Euskaltel Fundazioaren arduradun eta ekimenaren koordinatzaile Sabino San Vicenteren esanetan.

2020an egindako lau online topaketetan ikasitakoa eta partyak digitalizatzeko garatutako tresnak azpimarratu ditu San Vicentek. Izan ere, horiei esker “aurrekoa baino hobea izango da aurtengo Gipuzkoa Encounter”. Guztira, bilkurak 456 teknologia zale elkartuko ditu igandera arte (martxoak 21), eta dozenaka ekintza, lehiaketa eta prestakuntza-hitzaldi eskainiko ditu informatikaren, programazioaren, sormen digitalaren eta bideo-jokoen arloetan.

Euskalteleko presidente Xabier Iturbek bigarren Gipuzkoa Encounter birtuala antolatu duen “lantaldearen lan eta esfortzua” goraipatu ditu, eta 2021eko bilkura iazkoa baino are arrakastatsuagoa izango dela iragarri du. 2020ko edizioa, hain zuzen, alarma-egoera ezartzearekin batera egin zen eta ohiko formatu presentziala egun gutxitan eraldatu behar izan zen.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendari Leyre Madariagak prestakuntzaren atala nabarmendu du, publiko zabalaren interesei erantzuteko helburuarekin antolatu baitira hitzaldiak. Hizpide izango dira marketinarekin eta komunikazioarekin loturiko gaiak nahiz robotikaren, adimen artifizialaren, programazioaren eta musika sorkuntzaren arloetako azken aurrerakuntzak, Madariagak jakinarazi bezala. Antolatutako 12 hitzaldiak edonorentzat ikusgai izango dira, zuzenean, Euskal Encounterren Youtubeko eta Twitcheko kanalen bitartez.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak, aldiz, ekimenak digitalizazioaren alde egindako apustua txalotu du. “Gipuzkoa Encounterrek konpetentzia digitalak sustatzen ditu aisialdia eta formakuntza uztartuz, eta hori da, hain zuzen, gure erronka nagusietarikoa gizarte nahiz lurralde gisa”, adierazi du. Ahaldunak topaketa birtualaren lankidetza-bokazioa ere azpimarratu du. Bere hitzetan, “talde lana oso garrantzitsua da gipuzkoarron gaitasun eta lehiakortasun ekonomikoa garatzeko”, baita digitalizazioaren arloan lurralde oreka handiagoa lortzeko ere.

Twitch plataformaren bitartez igorritako aurkezpen ekitaldian ere esku hartu du Tolosako Udaleko Kultura, Gazteria eta Festak arloko zinegotzi Izarne Iglesiasek. Topaketa birtualak ondo pasatzeko eta teknologia berrien inguruan ikasteko aukera emango duela baieztatu du, bai parte-hartzaileei eta bai zabalik eskainiko diren emankizunekin bat egiten duten pertsona guztiei ere.


Lehiaketak

Partyak 22 lehiaketa izango ditu, hainbat arlotan banatuta. Horrela, arte digitalean 11 kategoria egongo dira, musika digitaletik hasi eta film laburretaraino, diseinu grafikotik pasatuz. Horrela, Gipuzkoa Encounterreko artisten bilgune bihurtuko da sormen digitaleko atala. Hardware arloan, 3D inprimaketa edo ordenagailuen aldaketa estetikoa barne hartzen dituen eremuan, sei lehiaketa egongo dira. Halaber, software librearen eremuak, programatzaileak, informatikoak eta zibersegurtasunean adituak biltzen dituen guneak, bi lehiaketa izango ditu. Ez dira faltako jolas-jarduerak; hala nola marrazki analogikoa edo zinemari buruzko ‘Trivial’ moduko jokoa. Party-etan jarduera gehien izaten duen bideo-jokoen arloari dagokienez, bederatzi lehiaketa eskainiko ditu, League of Legends txapelketa barne. Oraingoan ere, Circuito Tormentaren, Estatuko joko honetako liga amateur garrantzitsuenaren, geldialdietako bat izango da Gipukoa Encounter.

Bilkura Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen, Tolosako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamentuaren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailaren (SPRI-ren bitartez) laguntzarekin.

 

Antolatzailea

Euskaltel Fundazioa
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 688 92 90 88
E-mail: press@euskalencounter.org
 
 
 

 

twitter facebook flickr youtube instagram twitch