Unai Elordi Vicomtech Gipuzkoa Encounter

Adimen artifizialean emandako aurrerapausoak, sare sozialen eragina eta bideo-jokoen erabilera segurua, Gipuzkoa Encounterren aztergai

Adimen artifizialean emandako aurrerapausoak, sare sozialen eragina edo bideo-jokoen erabilera segurua dira Gipuzkoa Encounterren elkartutako adituak aztertzen ari diren erronka teknologikoetako batzuk. Streaming bat modu egokian egiten eta musika digitala sortzen ikasteko gakoak ere ezagutarazi dituzte.

Antolatutako 12 hitzaldiak edonorentzat ikusgai izango dira, zuzenean, Euskal Encounterren Youtubeko eta Twitcheko kanalen bitartez, eta ikusgai geratuko dira topaketa amaitu ostean ikusi nahi dituztenentzat.

Halaber, etengabeko jarduera dago partyko atal guztietan. Dozenaka ekintza eta lehiaketatan esku hartzen ari dira 456 parte-hartzaileak, arte digital, programazio, zibersegurtasun, bideo-joko edota 3D inprimaketa bezalako arloetan.

Egunotan landutako gaien artean, protagonismo berezia du adimen artifizialak. Mondragon Unibertsitateko Itxaro Sukiak erreminta horrek 3D inprimaketan dituen aplikazioak aztertu ditu. Bestalde, Vicomtech enpresako Unai Elordi irudi eta bideoak faltsutzeko aukera ematen duen Deep Fake teknologiaz aritu da, eta horrek zibersegurtasun, osasun, formakuntza eta bide-segurtasun arloetan dituen aplikazio anitzak aurkeztu ditu.

Menda Lerenda komunikazio bulegoko Patricia Llamazaresek eta Mondragon Unibertsitateko Eli Garcíak, berriz, sare sozialei buruzko hitzaldiak eskaini dituzte, eta horiek arlo sozial eta ekonomikoan duten eragina aztertu dute. Euren mintzaldietan hainbat gako eskaini dituzte plataforma horien bitartez komunikatzeko estrategia egokiak lantzen eta emaitzak neurtzen ikasteko.

Arlo artistikoarekin loturiko saioak ere izan dira. Imanol Terán-ek streaming on bat egiteko gida eskaini du, erremintak, teknikak eta trukuak errepasatuz, eta DJ Makalak musika digitala sortzeko aplikazioak aurkeztu ditu.

Horrez gain, Gipuzkoa Encounterren elkartutako hainbat aditu teknologia berrien erabilera seguruaz aritu dira. Pantallas Amigas elkarteko Jorge Floresek, adibidez, bideo-jokoez familiartean eta modu seguruan disfrutatzeko jarraibideak eman ditu.

Hitzaldi espezifikoagoak ere izan dira, zibersegurtasun arloko adituei nahiz programatzaileei zuzendutakoak. Horrela, Gipuzkoa Encounterren helburu nagusietariko bat bete da: ekimena online egin arren, kalitatezko edukiak eskaintzea publiko zabalarentzat.

Bilkura Euskaltel Fundazioak antolatu du, pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko loturak sortzen eta indartzen laguntzeko IKTen erabileraren inguruan. Gipuzkoa Encounterren laguntzaile dira, gainera, Euskaltel, Tolosako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Ingurune departamentua eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saila (SPRI-ren bitartez).

 

Antolatzailea

Euskaltel Fundazioa
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 688 92 90 88
E-mail: press@euskalencounter.org
 
 
 

 

twitter facebook flickr youtube instagram twitch